Komunikatzaile Satelitala

     

Goiena Mendi Taldearen Komunikatzaile Satelitala

Garrantzitsuena: Nola erabili larrialdi batean


Hemen duzu laburtuta zer egin larrialdi bat gertatu bada eta 112ra deitzeko estaldurarik ez badago:

  1. SOS botoiaren tapa zabaldu (berdin dio gailua itzalita badago).

  2. SOS botoia sakatuta eduki pantailan ikusten den atzera-kontaketa bukatu arte. Horrela, gailuak gure kokapena eta laguntza eskaera bidaliko dizkio Larrialdiei Erantzuteko Nazioarteko Koordinazio Zentroari (IERCC).

  3. Nazioarteko Koordinazio Zentroa zu zauden zonaldeko larrialdietarako zerbitzu publikoarekin jarriko da harremanetan, eta azken horrek larrialdietarako baliabideak bidaliko ditu zauden lekura (helikopteroa, lurreko salbamendu-baliabideak edo egokiena uste dutena kontuan hartuta lekua, eguraldia, ordua eta abar).

  4. Larrialdi zerbitzuak eskatzen dizkizun konfirmazio mezuei eta informazio osagarri eskaerei erantzun gailua erabilita. Baina, are hobeto erantzuten baduzu bluetooh bidez gailuarekin konektatuko mugikor bidez. Horretarako, ondo konfiguratuta egon behar da aldez aurretik.


SOS deia nahi dugunean eten dezakegu, botoia sakatuta mantenduz. SOS deiaren bidez SMS erako mezuak bidali ahal ditugu nahi dugun mugikorrera.

SOS botoia modu arduratsuan erabili behar da eta bakar-bakarrik larrialdietan, baliabide publikoek kostua dutelako, bertako langileak arriskuan jar daitezkeelako eta une berean beste leku batean ere horien beharra egon daitekeelako. Ezinezkoa da nahi gabe sakatzea SOS botoia, gailuak estalkia duelako. Beraz, botoia sakatzen badugu, horrek esan nahi du benetan gaudela larrialdi egoeran.

Gailuaren bidez mezuak bidaltzen ikasteko eta gailuak dituen beste aukera guztiak erabiltzen ikasteko, segi irakurtzen.

Zer da komunikatzaile satelitala?


Lurreko estaldura mugikorrik ez dagoenetan, larrialdien berri emateko balio duen tresna bat da. Komunikazioa larrialdi-zentro batekin egiten da satelite bidez bidali eta jasotzen diren mezuen bitartez (ez da ahotsik erabiltzen, ohiko telefonoetan bezala).


Mendi taldeak Garmin InReach Mini 2 modeloa erosi dugu, hain zuzen ere; eta Iridium satelite sarearen bidezko estaldura dauka. Iridium sareak lurra osorik estaltzen du. Orbita txikiko sateliteak dira eta mugimenduan daudenez, edozein lekutatik komunikatu daiteke, zeru zati bat ikusten bada, arroilarik sakonenetik ere bai.


Gailua mendi taldearen irteera guztietara eramaten dugu, telefono estaldurarik gabeko lekuetan erabili ahal izateko.

Hainbat erabilera ditu. Hona hemen aipagarrienak:

  • Larrialdien berri eman ahal izatea SOS botoia erabilita larrialdiei erantzuteko nazioarteko koordinazio zentroari. Larrialdian egonez gero, SOS botoia sakatuta eduki eta koordinazio zentroak zure kokapena jasoko du; gainera, mezu bidez komunikatu ahal izango duzu zentroarekin, larrialdiari buruzko datuak emateko eta dagokion tokiko larrialdietarako zentroarekin koordinatzeko. Gainera, larrialdi-deia ez bada bertan behera uzten, larrialdietako zerbitzu publikoak joan egingo dira larrialdia gertatu den gunera, nahiz eta informazio osagarririk bidali ez. SOS botoia sakatzen badugu, horrek esan nahi du benetan gaudela larrialdi egoeran. Ezinezkoa da nahi gabe sakatzea SOS botoia, gailuak tapa duelako. Esan beharrik ez dago arduraz erabili behar dela eta ezinezkoa dela nahi gabe aktibatzea, estalkia duelako.
    Larrialdiak koordinatzeko zentroak guri mezu berezi bat bidaltzea, eta tokiko larrialdi zerbitzuetako arduradun baten mugikorrarekin harremanetan jartzea zuzenean, informazio gehiago jaso dezan, eta, horrela, erabaki ahal izateko zein diren bidali beharreko baliabide egokienak edo jarraipen zuzenagoa egin ahal izateko.

  • SMS bidezko bi norabideko komunikazioa izatea edozein telefono edo mugikorrekin. Horrek balio ahal digu informazio garrantzitsua bidaltzeko estaldurarik gabeko lekuetatik eta harremanetan jarri ahal izateko taldeko pertsonekin, zerbait komunikatu beharra egonez gero (baina, pertsonak horrek estaldura izan beharko du mugikorrean, mezuak jaso ahal izateko).

  • Web-guneetara bidali ahal izatea taldearen kokapen-puntuak, jarraipena egin ahal izateko. Normalean ez dugu erabiliko, baina aukera dago mezuak bidaltzeko taldearen kokapena esateko eta modu publikoan ikusteko: share.garmin.com/goiena

  • Gailuak aukera gehiago dauzka, adibidez, egindako jardueraren GPS track-a sortu dezake, irteera puntura itzultzeko funtzioa du, trackaren mapatxoa egiteko aukera, mezuak bidaltzea sare sozialetara, iragarpen meteorologikoak eskatzea, eta abar. Baina, erabilera nagusia da larrialdien berri ematea.


Ez dabil ahotsarekin, bakarrik mezu bidez. Telefonoa gailuarekin bluetooth bidez konektatuz gero, oso erraz idatzi ahal dira mezuak. Baina, gailuarekin ere idatz daitezke mezuak, beharrezkoa bada.


Funtzionamendua atalez atal


Nola erabili botoiak:

Garmin InReach Mini gailuak 6 botoi fisiko ditu:


  • SOS botoia. Tapa batekin estalita dago, botoia nahi gabe ez sakatzeko. Izan ere, botoia sakatuta mantenduz gero, mezu bat bidaltzen baitio dena delako larrialdiak koordinatzeko zentroari, laguntza eske.
  • Pizteko/itzaltzeko botoia (gainaldean, antenatik gertu)
  • Bi botoi gora eta behera mugitzeko (ezkerrean).
  • OK botoia (gainaldean eskuinean). Hautatu dugun aukera aktibatzeko balio du edo menu nagusian sartzeko, hasierako orrian bagaude.
  • Atzera egiteko botoia (beheko aldean eskuinean). Aurreko aukerara bueltatzeko edo hautatutako aukera ezeztatzeko balio du.

Nola bidali mezuak Garmin gailutik:

  1. OK botoia sakatu (goian eskuinean) menu nagusia zabaltzeko. Ez bazaude hasierako orrian (hasierako orrian daude bateriaren ehunekoa ordua eta abar), atzera egiteko botoia sakatu (behean eskuinean) menu nagusira heldu arte.
  2. Hautatutako lehenengo aukera da Mezua Bidali. Sakatu OK botoia, aktibatzeko.
  3. Kontaktuen zerrendan ez bada agertzen mezuaren hartzailearen mugikorraren zenbakia, erabili Gora botoia (goian ezkerrean) edo Down botoia (behean ezkerrean) + Idatzi kontaktua (XXXXXXX) hautatzeko eta sakatu OK botoia aktibatzeko.
    Mezuaren hartzailearen mugikorraren zenbakia jasota badago kontaktuen zerrendan (Guardia Zibilaren GREIM taldearena esate baterako), erabili Gora eta Behera botoiak aukeratu arte, eta sakatu OK botoia aktibatzeko.
  4. Atzera egiteko botoiak aukera ematen du “teklatu” batetik bestera joateko (letrak, sinboloak, zenbakiak …). Sakatu botoia sinbolok (. , ? €...) agertu arte.
  5. Joan beherantz Behera botoiarekin eta hautatu “+” sinboloa. Sakatu OK botoia.
  6. Sakatu Atzera egiteko botoia zenbakien “teklatua” agertu arte.
  7. Mugikorraren zenbakiak sartu herrialdearen aurrezenbakiarekin (kasu honetan “34”). Amaitzeko, gure mendi taldeko telefono zenbakiaren antzeko beste bat atera behar zaizu: +34635860443 (Oharra: zenbaki bulegoko ordutegian erabiltzen da bakarrik)
  8. Igo edo jaitsi Eginda (✓) sinboloa hautatzeko eta sakatu OK botoia.
  9. Hautatuta agertuko da Hurrengoa botoia; sakatu OK aktibatzeko.
  10. Sakatu berriro OK eta mezua idazteko teklatua aktibatuko da.
  11. Idatzi mezua letraz letra Atzera botoia erabiliz “teklatua” hautatzeko; erabili Gora eta Behera botoiak erabili “letra” hautatzeko, eta OK botoia erabili aktibatzeko. Aurreko letra ezabatzeko, idazketa bukatu edo letren arteko zuriune bat gehitu. “Teklatuaren” goiko aldean dituzu aukera horiek guztiak.
  12. Azkenik sakatu OK mezua bidaltzeko


Mezuak irakurtzea eta erantzutea:

  1. Ez bazaude hasierako orrian, sakatu Atzera botoia (behean eskuinean) hasierara joateko.
  2. Sakatu Behera botoia Widgets menura joateko
  3. Aktibatu mezua aukera
  4. Mezua aukeratu eta sakatu OK irakurtzeko
  5. Nahi baduzu, Erantzun aukera duzu erantzuteko

Mezu lehenetsiak bidaltzea:

Garmin InReach gailuak aukera ematen du aldez aurretik idatzitako mezuak bidaltzeko. Izan ere, gailuaren administratzaileak aldez aurretik grabatu ditzake kontroleko web-orritik.


Mezu horietako bat da “Hemen egon naiz”, eta kokapena ere jasotzen du. Gainera, mendi taldearen jarraipena egiteko web-orri publikora bidali ahal izateko moduan programatuta dago: share.garmin.com/goiena. Doako mezuak dira eta eskuragarri daude taldearen jarraipena egin behar izanez gero.


Horrelako mezuak bidaltzeko:

  1. Hasierako orrian ez bazaude, Atzera egiteko botoia sakatu (behean eskuinean) hasierako orrira joateko
  2. Sakatu OK botoia menura joateko
  3. Hautatu Lehenetsiak aukera
  4. Hautatu lehenetsitako 1 aukera: "He estado aquí"
  5. Sakatu OK botoia; eta sakatu berriro OK, mezua bidaltzeko

Beste funtzio batzuk, esteka interesgarriak eta eskuliburua osorik:

Ohiko galderak


Zenbat balio du? (merezi du niretzako bat erostea?)

Garmin InReach Mini 2 gailuak 400 € balio du gutxi gorabehera, dendaren arabera. Baina, gailua erabili aha izateko Garmin zerbitzua kontratatu behar da, eta horrek 2022an 180 €-ko kostua du gutxienez.
Argibide gehiago hemen: https://www.garmin.com/es-ES/p/765374 edo bilatu "garmin inreach mini 2"

Egia da BETI duela estaldura? Edonon?

Garmin gailuak zerua bistan badu, nahiz eta zeru une txikia izan, mezuak jaso eta bidal ditzake. Kobazuloetan, ordea, ez du satelite bidezko estaldurarik.
Gailuak Iridum satelite bidezko sarea baliatzen du. Iridum sarea lurraren inguruan orbita zirkunpolarrean biraka dabiltzan orbita baxuko satelite multzo batek osatzen du eta munduko edozein lekutatik komunikatu ahal izatea ahalbideratzen du.
Kontuan izan behar da estaldura satelitalak denbora gutxi irauten duenean (esate baterako, gerta daiteke une batez ez igarotzea sateliterik gure ingurutik) edo zeru une txikiegia dagoenean bistan, gerta daitekeela hainbat minutu itxaron behar izatea komunikazioa lortu arte; baina, lehenago edo beranduago komunikatzea lortuko da.
Horregatik, larrialdiren bat gertatu bada, zuhaitz gutxi dagoen leku batean eta ahalik eta zeru zatirik handiena ikusten den leku batean kokatu behar gara.
Labur esanda, satelite bidezko komunikaziorako “minutuak” hartu behar ditugu kontuan, eta ez “segundoak”, lurreko estaldura mugikorra erabiltzen dugunean bezalaxe.

Zertan desberdintzen da satelite bidezko telefono “klasiko” batetik?

1. Satelite bidezko telefono “klasikoek” lurreko antenen estaldura duten lurreko telefonoekin hitz egiteko balio dute. Satelite bidezko komunikatzaileek, ordea, ez dute hitz egiteko balio, mezuak bidaltzeko eta jasotzeko baino.
2. Kostua. Iridium bezalako erabateko estaldura duen satelite bidezko telefono batek 1.000-1.500 euroko kostua du. Baina urtero beste 800 euro inguru gehiagoko kostua du. Izatez, satelite bidezko gailua aproposena da eta askoz hobea, ahozko komunikazioa ziurtatzen duelako.
3. Baina, Garmin InReach Mini komunikatzaile satelitala telefonoa baino askoz erosoagoa da aldean eramateko, 100 gr bakarrik pisatzen duelako eta gutxi okupatzen duelako. Satelite bidezko telefonoak, ordea, hiru aldiz handiagoak dira eta askoz astunagoak. Askotan hobe izaten da aldean eramateko arina eta erosoa den gailu bat edukitzea, sistema perfektu bat baino; izan ere, astuna eta handia bada, zalantzak sortzen dira eraman ala ez.
4. InReach gailuaren bateriak asko irauten du, eta kargatu behar izanez gero, erraz kargatu daiteke USB-C kargagailu unibertsalarekin.

Gailuarekin mezuak idaztea nekeza eta zaila da. Nola idatzi ditzaket telefono mugikorra erabilita?

“Garmin Explore” aplikazioa (app-a) instalatu mugikorrean eta bluetooth bidez Garmin gailuarekin lotuz.
SOS botoia da garrantzitsuena. Nahikoa da botoia sakatzea larrialdi zerbitzuak aktibatzeko. Baina, informazio gehiago ematen badugu askoz arrakastatsua izango da balizko erreskatea.

Egia da botoia sakatu eta helikopteroa edo larrialdietarako bestelako baliabideren bat bidaliko dutela?

Bai, hala dela baieztatu digute Eusko Jaurlaritzako Larrialdietarako Zerbitzuak eta GREIM-Guardia Zibilaren Erreskate Taldeak.
Kontuz: SOS botoia benetako larrietarako da bakarrik, eta behar ez den gauzetarako erabiliz gero, erantzukizuna egongo da. Ezinezkoa da nahi gabe sakatzea eta txarto erabiltzea, botoia tapa batekin estalia dagoelako.
Erabilera okerrengatik zehapenak ezar daitezke, baina argi badago nahita egin dela eta ez dela nahi gabe izan (ia ezinezkoa bada ere).
Bestalde, kontuan izan behar da hau bezalako gailuei esker larrialdi zerbitzu publikoek larrialdi askoren kostu publikoak gutxitu ahal dituztela, erabiltzaileak berak kontratatzen dituelako eta erreskateak azkarragoak eta eraginkorragoak (merkeagoak) izan daitezkeelako, lurreko estaldurarik gabeko tokietan kokapen zehatza ematen dutelako. Gainera, larrialdi abisuak sinesgarriak izango dira, aldez aurretik kontratatutako zerbitzu bat dagoelako tartean; gainera, kontratu bat dagoenez tartean, erabiltzailea identifikatuta dago.

Mendi taldearen gailua bada ere, eta mendi taldearen izenean erregistratuta badago ere, erabil dezake edonork, behar izanez gero?

Bai. Nahiz eta kontratuan mendi taldearen datuak egon eta larrialdiak koordinatzeko zentroan ere mendi taldearen datuak egon erregistratuta, edonork erabil dezake mendi taldeak utzi badio, alokatu badio edo irteera batera eraman badu.
Gakoa da gailu bat dagoela, erregistratuta dagoela eta larrialdiak koordinatzeko kudeaketa zerbitzu bat dagoela kontratatuta, tokiko agintariei helarazteko laguntza eskea. Ezinezkoa denez SOS botoia sakatzea nahi gabe, laguntza eskaera sinesgarria izango da beti.

Share by: